4. Eranskina. Hirugarren sektorearen ekarpenak
Laugarren eranskin honetan, familiei laguntzeko politika publikoen egoera dela-eta EAEko hirugarren sektoreak egiten dituen proposamenak eta eskariak jaso ditugu.
Hemen ageri den informazioa zenbait galdetegi, elkarrizketa eta eztabaida-talderen bitartez lortu da. Haietan, izan ere, lan honetako “ohar metodologikoa” atalean aipatutako entitateek hartu dute parte. Horren bidez islatu nahi izan ditugu beren helburu sozialak direla-eta familiei laguntza emateko politiketan interes partikularra duten hainbat elkarteren iritziak; izan ere, elkarte horiek eskuzabaltasunez hartu dute parte lan honetan. Nolanahi ere, kontuan hartu beharra dago Arartekoaren erakundeak Euskadiko familiei laguntzeko politiken egoera hobetzeko egiten dituen gomendioak txosten honetako azken kapituluan azaldutakoak direla, eta ez dutela zertan bat etorri hemen jasotako proposamen eta eskariekin. Hala eta guztiz ere, interes handikotzat jotzen dugu berezko indarrez argia ikus dezatela esparru honetan gizartean aktiboak diren taldeen iritziak, zeren eta horrekin jasotzen baitugu, neurri handi batean, gizarte zibilaren pultsua, familiei laguntza ematearen arloko beharrizanei eta hobekuntza-esparruei dagokienez.
Eranskin honen irakurketa errazteko, informazioa zenbait arlo tematikoren arabera antolatu dugu:
Legediarekin eta proiekzio instituzionalarekin lotutako proposamenak eta eskariak.
Fiskalitatearekin, prestazioekin eta prezio publikoekin lotutako proposamenak eta eskariak.
Etxebizitzarekin eta lurzoruarekin lotutako proposamenak eta eskariak.
Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitearekin lotutako proposamenak eta eskariak (enplegua eta prestakuntza, aisia eta kultura).
Hezkuntzarekin eta sentsibilizazioarekin lotutako proposamenak eta eskariak.
Laguntza sozio-sanitarioarekin lotutako proposamenak eta eskariak.
Garraioarekin lotutako proposamenak eta eskariak.
Halaber, familia-eredu desberdinak hartu ditugu kontuan informazioa egituratzerakoan, betiere kontuan hartuz proposamen eta eskarien hartzaileak direla, oro har, familia guztiak, ezgaitasun edo/eta mendetasun egoeran dauden pertsonak dituzten familiak, familia bananduak edo/eta dibortziatuak, familia hartzaileak eta adopziozkoak, guraso bakarreko familiak eta kultura-artekoak.
1. arloa. LEGEDIA ETA ERAKUNDE-PROIEKZIOA
Familia guztiak
Familiaren Euskal Institutua sortzea, berariazko erakunde gisa, sail guztietatik independentea eta bere aurrekontu-zuzkidurarekin, familiari laguntzeko politika egokia –integrala eta zeharkakoa– garatu ahal izateko, Lehendakaritzak zuzenean lagundua eta abalatua.
Familia-politiken gastu publikoan zentratutako azterlanak egitea, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan egiten direnen antzekoak, esparru horretan EAE Europako beste herrialde batzuen pare jartzearen bidean aurrera egiteko.
Inpaktu familiar eta sozialari buruzko txosten edo azterketak ezarri eta aplikatzea, ingurumenaren arloan edo generoaren arloan daudenen antzekoak, hezkuntzaren, gizartearen, lanaren edo etxebizitzaren arlokoak izan eta familian eragina duten araudiak onesteko prozesuan.
IKTak sartzea politika publikoen garapenean, eta herritarrek familia-izaerako zerbitzuen arloko informaziora duten sarbidea modernizatu eta hobetzea. Adibidez, Concilia + webgunearen erreplika bat egitea, informazio fiskalaren edo politika familiarren arloko jokabide egoki gisa.
Esku-hartze sozialaren arloko hirugarren sektoreari zuzendutako diru-laguntzen antzinako sistema berreskuratzeko ahalegina egitea, programa egonkorrak dituzten hitzarmenen aldeko apustua eginez, gizarte zerbitzuen zorroaren bitartez.
EAEko administrazioetako sailen eta erakundeen arteko komunikazio- eta koordinazio-kanalak hobetzea, familia-sistema batean esku hartzen denean, eta argiro zehaztea administrazio desberdinen arteko eskumen-desberdintasunak.
Sustatzea EAEko hirugarren sektoreko entitateek parte-hartze handiagoa izan dezatela Familiei laguntzeko Erakundeen arteko Planeko laguntza-ekintzen eta politika sozial eta familiarren plangintza, diseinu, exekuzio eta ebaluazio jarraituan.
Familiaren esparruko eskumenak birbanatzea Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen bitartez, familiaren arloko ekintzei behar adina baliabide ekonomiko emanez, gizarte zerbitzuen zorroan jasotako urte anitzeko hitzarmen eta itunen bitartez.
Familien dibertsitatearentzako arreta aplikatzea familiaren arloko politika guztiei, eta arreta integrala eskaintzea.
Familiei Laguntzeko Legea eta Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko III. Plana garatzen jarraitzea, eta haiei baliabideak ematea, halako moduz non ekintza edo/eta aplikazio eraginkorra izango duten.
Familia-unitatearen barruan pobreziari aurrea hartzeko politikak indartzen laguntzea, bereziki haurren babesari dagokionez.
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten kideak dauzkaten familiak
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna zeharkako elementu gisa sartzea EAEko politika publiko, programa, zerbitzu eta familientzako laguntza– eta arreta-baliabide guztietan.
Berariazko protokolo eta jarduketak sartzea Familiei Laguntzeko III. Planean ageri diren ekintza guztietan, ezgaitasuna duten pertsonei zuzenduak, haien autonomia pertsonala defendatze aldera.
Kontuan izatea ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten kideak dauzkaten familien beharrak, lehentasunak, orientabideak eta proposamenak, bai eta haiek ordezkatzen dituzten elkarteenak ere, familiaren arloko politika publikoak diseinatu eta ezartzeko garaian.
EAEko Gizarte politikako eta osasuneko sail eta arloen eta hirugarren sektorearen arteko lankidetza hobetzea, ezgaitasun kasuetarako jarduketa protokoloak ezartzeko.
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten pertsonak Familiaren Kontseiluan sartzea.
Familia ugariak
EAEn, Familia Ugariei buruzko Legea eraginkortasun praktikoaz aplikatzea, Familiei Laguntzeko 13/2008 Legea betetzearen bitartez, azken horren helburuak betetze aldera. Helburu horien artean dago pertsonek gauza dezatela nahi dituzten seme-alabak edukitzeko askatasuna.
Familia bananduak edo/eta dibortziatuak
Aukera ematea elkarte mistoek Emakunderen diru-laguntzak eskuratu ahal ditzaten, halako moduz non erakunde horrek lagunduko dituen familia barruko indarkeriari buruzko programak.
Familia hartzaileak edo/eta adopziozkoak
Familia hartzaile profesionalen figura berreskuratzea.
Harreraren aurretiko prestakuntza-saioak jasotzeko derrigorrezkotasuna ezartzea harrera egin nahi duten familia guztientzat.
Guraso bakarreko familiak
Bi seme-alaba dituzten guraso bakarreko familiak familia ugaritzat jotzea.
Familia eta kultura-artekotasuna
Ijito-familia definitzeko terminologia berariazkoa sortu eta normalizatzea, hura etnia edo kultura gisa identifikatuta.
Ijito-familiak Familiaren Kontseiluan edo Behatokian sartzea.
2. arloa. FISKALITATEA, PRESTAZIOAK ETA PREZIO PUBLIKOAK
Familia guztiak
Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko politiken multzoa EU-15aren batez bestekoaren pareko terminoetan jartzea, hau da, BPGaren %2tik gora.
Familiak artatzeko zuzkidurak murritz daitezela eragoztea, bereziki baliabide gutxien dituztenen kasuan.
Familian esku hartzeko eta ingurune irekian hezteko programen aurrekontu-zuzkidura handitzea, zeren eta familia bakoitzari bideratutako ordu-kopurua askotan ez baita nahikoa izaten, edo familia batzuek arreta jasotzeko itxaron behar izaten baitute.
Ahaleginak zentratzea diru-sarrerak Bermatzeko Errenta emateko irizpideak urtez urte egokitzean, kolektibo babesgabeak kanpo gera daitezen saihesteko.
Gizarte bazterketaren arriskuan dauden familiei zuzendutako Familian Esku Hartzeko Programaren aurrekontua areagotu eta finkatzea.
Haurtzaroaren arloko prestazioak unibertsal egitea, halako moduz non seme-alaben hazkuntzaren kostuak haien baldintzen eta adinaren proportzioan estaliko baitira. Proposatzen da laguntza hori ez mugatzea soilik gurasoen baliabideetara.
Kenkari fiskalen sistema aldatzeko lan egitea, errentaren gaineko zerga negatiboaren (EZN) eredura hurbiltzeko. Horren bidez, izan ere, Estatuak herritarrei dirua emango die errentaren gaineko zergaren bitartez, gutxieneko diru-sarrera batzuk bermatzeko.
Saihestea zama daitezela aitona-amonek seme-alabei eta bilobei egindako transferentziak; halakoek, izan ere, ez dute zergarik izan behar. Gaur egun, aitona-amonek seme-alabei eta bilobei egindako transferentziak haurren pobreziaren aurka borrokatzeko elementu garrantzitsua dira, eta, horrenbestez, lehentasunezko zerga-tratamendua eman beharko litzaieke.
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten kideak dauzkaten familiak
"Adimen-ezgaitasun bat duen pertsona bat artatzeak familia batean duen eragin ekonomikoaren azterlana" izenekoaren ondorioak txertatzea zerga-politiken diseinuan, familien errealitateari egokitzeko.
Ezgaitasuna duten pertsonentzako arreta-sistema zurkaiztea, aurrekontu-zuzkidurei eutsiz, halako moduz non krisiak ez duen atzera pausurik edo familia zaintzera itzuli beharra ekarriko; izan ere, zainduko da ezgaitasuna duen pertsonarentzako baliabide ekonomikoak haren bizi-kalitatea hobetzeko erabiltzen direla (izan ere, batzuetan gerta daiteke familia-guneko bakarrak izatea), eta erakundeen arteko lankidetzaren bitartezko arreta-sistema eraginkorra ezartzea.
Arreta goiztiarraren bidezko tratamendu-programetarako laguntza ekonomikoak areagotzea, bai eta ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoak ere.
Mendetasuna edo/eta ezgaitasuna duten pertsonen zaintzaileentzako laguntza ekonomikoen lerro bat ezartzea, atseden-zentroetara, laguntza psikologikoa hartzera edo laguntza eta informazio zerbitzuetara joan daitezen.
Aurrekontu handiagoa jartzea ezgaitasuna duten pertsonak etxean zaintzeko langile teknikariak kontratatzeko laguntza ekonomikoetarako.
Familia ugariak
Seme-alabengatiko zuzeneko laguntza ekonomikoak handitzea, eta neurri handiagoan 15 urte arteko hirugarren ondorengoei eta ondokoei zuzendutakoak, zeren eta Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko III. Planean hartutako konpromisoaren arabera, zenbatekoan gutxitu baitira eta denboran geroratu baitira hirugarrenen eta ondokoen kasuan.
Errenta estandarizatuko1 sistema bera lortzea administrazio publiko eta sail guztietan familiei laguntzeko laguntza edo zerbitzuetan, baldin eta haiek eskuratzeko baldintza edo prestazio horren kopuruaren irizpidea horrek baldintzatzen baldin badu.
Seme-alabarengatiko kenkariak hobetzea, haiek urtean dakarten gastuaren errealitateari egokitzeko, ondorengo gehiago izateak inplikatzen duen progresibotasuna bermatuz, KPIaren pareko urteko gutxieneko eguneratze batekin edo etxebizitza-kenkariarekin, betiere mugak (bai urtekoa, bai etxebizitzaren guztizkoarena) %20 igota seme-alaba bakoitzarengatik.
Bi kenkari berri sartzea: bata kategoria orokorreko familia ugariarena (3 edo 4 seme-alaba, edo 2, horietako batek ezgaitasunen bat duenean) edo kategoria berezia (5 ondorengo edo gehiago), kolektibo horrek EAEren sostengarritasun demografikorako egiten duen ekarpenarengatik; eta beste kenkari bat (“Kontzilia”) beren bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateragarri egite aldera seme-alabak artatu eta zaintzeko zaintzaile bat kontratatu behar duten familia ugarientzat.
Tributuen arloko Koordinazio Organoa (TKO) premiatzea Gipuzkoako Batzar Nagusiek toki ogasunen araua alda dezaten, familia ugariei %90 bitarteko hobaria eman ahal izateko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergan (TMIZ), Arabako eta Bizkaiko izen bereko erakundeetan egin den bezala.
Familia ugariei tributu-zorren geroratzeak edo/eta zatikatzeak erraztea, bermeak aurkezteko mugak igoz eta epeak luzatuz.
Familia bananduak edo/eta dibortziatuak
Gizarte Bermeko Funtsa abian jartzea elikagai-pentsioak ordaintzen ez diren kasuetarako, hurrengo aurrekontuetan 500.000 euro bitarteko kontu-sail bat jarriz funts horretarako, halako moduz non seme-alaba bakoitzeko 400 euro jaso ahalko diren2.
Errenta aitorpena semearekin edo alabarekin batera egiteko aukera ematea ama eta aita bananduei, eta 18 urteko adina (gaurko muga) 22 urtera igotzea.
Ondorengoengatiko kenkaria igotzea, edozein dela ere egoera zibila, eta mantenurako kenkarian gutxieneko kopuru finko bat ezartzea.
Familia hartzaileak edo/eta adopziozkoak
PFEZn nazioarteko adopziorako behar diren bidaietan inbertitutako gastuen ehuneko bat desgrabatzeko aukera ezartzea.
Nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaileak babestea, haiei laguntza ekonomiko handiagoa emanez.
Guraso bakarreko familiak
Guraso bakarreko familientzat %100 dohainik izango den hezkuntza ezartzea.
Familia eta kultura-artekotasuna
Ijitoen identitatea aitortzea, horren barne dela Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan haien garapenerako berariazko aurrekontu-sail bat egotea.
3. arloa. ETXEBIZITZA ETA LURZORUA
Familia guztiak
Errenta estandarizatuaren sistema erabiltzea3 alokatzeko nahiz erosteko etxebizitza bat eskatzen duten pertsonen diru-sarrerak haztatzerakoan eta etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak eskuratzeko.
Seme-alabak dituzten familien etxegabetzea saihesteko, hipoteken ordainketa geroratzeko formulak (hipotekadun zorretarako 5 urteko luzamendu bat ezarriz) edo alokairuak sustatzea. Horretarako, proposatzen da Hipoteka Betearazpenei buruzko Legean eta Hiri Errentamenduei buruzko Legean aldaketak egitea, halako moduz non familia-etxebizitza eta ohiko etxebizitza ezin bahituzko ondasun gisa jasoko diren, edo, bestela, etxebizitza ordainean ematearen aplikazioa jasoko den atzera eraginez eta nahitaezko izaeraz.
Lehentasuna ematea alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzeari, saldu gabeko etxebizitzen gaindikinak eta aurrezki kutxek dituztenak xede horretarako erabiliz, eta hutsik dauden etxebizitzak zergapetzea merkatura atera eta premia handiena duten pertsonek prezio zuzen batean erabili ahal ditzaten.
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten kideak dauzkaten familiak
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten pertsonentzako egoitza- nahiz etxebizitza-arretarako zerbitzuen sarea zabaltzea.
Aldi baterako familietarako atseden-zerbitzuen beharrizanen hazkundeari erreparatzea: egoitza-arreta eta eguneko arreta.
Ezgaitasuna duten pertsonentzako bizimodu independenterako etxebizitzen eskaintza sustatzea.
Familientzako laguntzen lerro berezi bat jartzea, beren etxebizitzari eutsi ahal diezaioten.
Familia ugariak
Eskubide subjektibo gisa ezartzea pertsonek etxebizitza duin eta egokia eduki ahal izatea, horretarako bidean familia ugariei lehentasuna emanez, zozketan nahitaezko kupo bat ezarriz. Hori egin ezean, proposatzen da seme-alaben kopuruaren araberako haztapena (gaur egun, 3 puntu seme-alabak dituzten familientzat; 2 puntu bikotearentzat, eta puntu bat pertsona bakarrarentzat).
Gutxienez %5eko eta gehienez %15eko kupoa ezartzea familia ugarientzako etxebizitzetan, babes ofizialeko etxebizitzen alokairurako nahiz erosketarako promozio publiko nahiz sustapen guztietan (105 eta 120 m2 bitarteko etxebizitzak) edo, kasua bada, bi etxebizitzen erosketa arautzea, familia ugari handienen etxebizitzaren gehiegizko okupazioari konponbidea emateko.
Familia ugarientzat, etxebizitza alokatu edo zaharberritzeko, dauden laguntzetarako diru-sarrera haztatuak handitzea, kontuan izanda babes ofizialeko etxebizitza bat eskatzeko eskatzen diren diru-sarrerak.
Familia ugarientzako kooperatiba araubideko etxebizitzen sustapena ematea.
Etxebizitzarengatiko kenkaria hobetzea, seme-alaben kopurua ere kontuan hartuz, eta mugak (urtekoa nahiz etxebizitzaren guztizkoa) ondorengo bakoitzarengatik %20 igoz.
4. arloa. BATERAGARRITASUNA
4.1. Enplegua eta prestakuntza
Familia guztiak
Beren kargura adingabeak dituzten familia guztien eskura jartzea beren beharrizanak asetzeko baliabide tekniko nahiz ekonomikoak, hartara familia eta lana eraginkortasunez bateragarri egin ahal dezaten.
Lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarria izan daitezen sustatzea pertsonen zainketa (adingabeak, zaharrak edo mendetasuna dutenak) errazteari buruzko lan-araudian, eta Kontzilia programari eustea.
Kontziliazioaren arloan familiei laguntza emateko ekimenei eustea; esate baterako, teknologia berriekin laguntza-baliabideak eskaintzera bideratutako laguntzak, biztanleria osoari eta familia-eredu desberdinei zuzendutakoak.
Lan ordutegiak eskola ordutegien arabera egokitzea, eta aitorpen publiko eta pizgarri fiskalak ematea beren plantilletan kontziliazio-neurri horiek errazten dituzten enpresei: ordutegi malgutasuna, baimenen zabalpena, enpresaren kargurako prestazioak eta abar.
Seme-alabak zaintzeko eszedentziarako eta lanaldi murrizketarako laguntzak haztatzea, eta haiek handitzea haietara biltzen den pertsonak daukan seme-alaba kopuruaren arabera.
"Kontzilia” kenkaria aplikatzea beren seme-alabak artatzeko eta zaintzeko etxean zaintzaile bat kontratatu behar duten familiei, familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten laguntzeko.
Familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko politikak zabaltzea jada jardunean ez dauden pertsonen artean, "amona esklaboaren" sindromea saihesteko, eta prestakuntza-neurrien nahiz bestelakoen bitartez adineko pertsonengan dagoen talentuari probetxu handiagoa ateratzeko.
Doako haurtzaindegi zerbitzuak eskaintzea prestakuntza eta laneratze prozesuetan dauden pertsonei, gizartean esku hartzeko entitateen bitartez.
Diruz lagundutako aisiako jarduerak sustatzea irakaskuntzarako zentro publiko nahiz itundu pribatuetan, oporraldietan, ordutegiak familia-beharren arabera egokituz, bizitza pertsonala, lana eta familia ahal den modurik onenean bateragarri egiteko.
Haur hezkuntzako postuen eta zentroen eskaintza malgutzea, kontziliazio politikekin koordinatuta, halako moduz non ordutegien, oporraldien, egokitzapen aldien eta abarren arloetan politika publiko koordinatua egongo den.
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten kideak dauzkaten familiak
Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea sustatzeko laguntzak bultzatzea ezgaitasuna duen seme edo alaba bat duten familientzat, terapia, kontsulta edo tratamenduetara joateko modua behar dutenean.
Laguntzea lan-araudian sar daitezela familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurri zehatzak, ordutegiak malgutuz mendetasuna duten pertsonak zaindu ahal izateko.
Familia ugariak
Bultzatzea hitzarmen kolektiboetan neurriak sar daitezela familia ugariaren titularrak diren langileak babesteko eta haiei erraztasunak emateko, mugikortasun geografikoari, lan-baldintzen funtsezko aldaketei eta lan-kontratuak azkentzeari dagokienez4.
Gurasoen lan kontrataziorako pizgarriak ematea (arreta berezia eskainiz familia ugariei), hori sustatzen duten enpresei hobari gisa zerga-desgrabazioak emanez, zeren eta Gizarte Segurantzak enpresei amatasun-baimena eta ondoren lanera sartzen ziren emakumeengatik ematen zien hobariak kendu baitira5.
Familia ugariei aisiako eta kulturaren arloko jardueretan sartzeko lehentasuna ematea (esate baterako, Arabako Foru Aldundiak antolatzen dituen kanpamendu edo udalekuak), zeren eta bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko zailtasuna zenbait eta seme-alaba gehiago izan orduan eta handiagoa baita.
Familia hartzaileak edo/eta adopziozkoak
Lanaldi murriztuei eta eszedentziei buruzko araudia berregitea, eta adingabearen adina baino familian daraman denbora kontuan izatea.
Amatasun bajak luzatzea (borondatez eta amek eskatuta) egokitzeko denbora gehiago behar duten familien kasuan.
Figura berariazko bat sortzea (amatasun eta aitatasun baja berezia) nazioarteko adopzioetarako behar diren bidaiak egiteko aldia hartzeko.
4.2. Aisia eta kultura
Familia guztiak
Zahartze aktiboa eta aitona-amonek familiarako erreferente positibo gisa duten eginkizuna bultzatzea.
Belaunaldien arteko bizikidetasunerako espazioak eta programak bultzatzea. Familien dibertsitatearen arloko hezkutzak belaunaldien arteko ezagutza bultzatu behar du. Beste belaunaldiekin bizikidetasunean egoteak eta elkarrekin ikasteak aberasgarri gertatu behar dute bai haurrentzat bai adineko pertsonentzat.
Doako kirol aisiako eskaintza publiko bat sustatzea, kontuan izanda familien beharrak eta haien bizitokia, zeren eta eskola publikoaren kostua pixkanaka handitzen ari baita (esate baterako, gaur egun ez da laguntza ekonomikorik ematen opor garaietako udalekuetarako).
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten kideak dauzkaten familiak
Hezkuntza-laguntzako eta aisiako baliabideak eta zerbitzuak sustatzea, ezgaitasuna duten adingabeei zuzenduak, zeren eta gaur egun horiek eskasak baitira, bereziki, egoitza-zerbitzuetako atsedenaldien ondoriozko aldizkotasunari dagokionez.
Familia ugariak
Familia ugarien aukera berdintasuna erraztea, bertako kultura eta ohiturak ezagutzeari eta haietaz gozatzeari dagokienez, eta diru-laguntzak ematea hori bultzatzen duten espazio eta jardueretarako: aterpeak, euskaltegiak, kultur obrak, kirol instalazio eta jarduerak eta abar.
Familia homoparentalak
Seme-alabak dituzten familia homoparentalentzat topaguneak bideratzea.
Familia eta kultura-artekotasuna
Ijito-familien parte-hartzea eta kultura-artekotasuna sustatzeko espazioak bideratzea, eta familiei beren hizkuntzan laguntza ematea kultura-arteko prozesuetan.
5. arloa. HEZKUNTZA ETA SENTSIBILIZATZEA
Familia guztiak
Errenta estandarizatuaren sistema sartzea ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko irizpideetan, bai eta unibertsitate-beketan eta unibertsitatez kanpoko beketan ere.
Testuliburuen eta curriculum materialen kudeaketa solidarioko programa zabaltzea ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztietara zabaltzea, gutxienez ere derrigorrezko hezkuntzan, gurasoek beren seme-alaben kualifikazioa dela-eta daukaten aukera-askatasuna bermatuz.
Bermatzea Haur eskoletako eta ikastetxeetako egokitze-aldiak haurraren beharrari egokitzen zaizkiola berariaz, haiek ezinbestez luzatu behar izan gabe.
0 eta 3 urte arteko haurrak artatzeko zerbitzu publikoak zabaltzea, eta beste herrialde batzuetako jokabide egokiak txertatzea: haurtzaindegi gisa egokitutako herritar zentroak, ekimen komunitarioak (familia elkartuak), lehendik dauden hezkuntza azpiegiturez baliatzea eta abar.
Haur-etxeak proiektu pilotua ebaluatzeko prozesua egitea, haren eragina eta balizko zabaltzea ezagutzeko.
Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko 0 eta 3 urte arteko etapa betetzeko postu publikoen kopurua (haur eskolak) handitzea, goizeko ordutegian gutxiegi erabilita dauden espazioak aprobetxatuz xede horretarako eta postuen eskaintza arrazionalizatuz, halako moduz non ez den gertatuko toki batzuetan (hiriak) postu gutxiegi daudela eta beste batzuetan (herriak), berriz, ez dela eskaintza betetzera iristen.
Laguntza ekonomiko handiagoa egon dadila bultzatzea eta ikastetxe publikoetan 2 urteko haurrentzako goiztiarren zerbitzua sustatzea.
Eskola porrotari aurre egiteko eta haren aurka jarduteko neurriak sustatzea, hezkuntzaren arloaren eta gizarte zerbitzuen arteko erakundeen arteko koordinazioa hobetuz bikoiztasunak saihesteko, gastua arrazionalizatzeko eta programa efizienteagoak sortzeko.
PFEZa ordaindu behar ez duen gauzazko ordainsari gisa hartua izateko egun dagoen 1.000 euroko muga kentzea, langileen seme-alaben haur hezkuntzako lehen zikloko zerbitzuari dagokionez. zeren eta muga horrek ez baitu kontuan hartzen seme-alaben kopurua, eta hura zabaldu ahal izatea baita derrigorrezko irakaskuntza osora eta batxilergora ere.
Hezkuntzarako beherapenak eta laguntzak ezartzea familia guztientzat, bi aldagairen arabera: familiaren diru-sarrerak eta familiaren gastuak.
Baliabide batzuk garatzea (online) familiei informazio osoa eta eguneratua emate aldera hezkuntzaren arloko laguntza, baliabide eta zerbitzu publikoei buruz, eginbehar horretan lagungarriak izateko.
Seme-alabak dituzten familiei informazioa, aholkua eta laguntza emateko programa publikoak sustatzea, bai eta EAEko familia-politikaren oinarri izan behar duten balore nagusiak direla-eta sentsibilizatzeko kanpainak ere.
Familiaren eta guraso izate positiboaren irudia zaintzea hedabide publikoetan, familiaren eginkizunen, amatasunaren eta aitatasunaren balorazio sozialaren aldeko, familiako kide guztiek etxearen zaintzan eta arretan eta dituzten erantzukizunen inguruko eta lana eta familia bateragarri egitea sustatzeko erakunde-kanpainen bitartez.
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten kideak dauzkaten familiak
Hezkuntza ondasun publikotzat hartzea, eta kalitatearen, parekotasunaren eta pertsona guztien berdintasunaren elkarrekiko mendetasuna sortzea.
Administrazioetatik lan egitea ezgaitasun mota desberdinak normalizatzeko, ezgaituen berariazko egoera babesteko eta eskubide osoko herritartasunaren eraikuntza sustatzeko.
Ingurune fisikorako, komunikaziorako eta informaziorako oztopoak kentzea, eta barrera psikologiko eta egiturazkoak ere deuseztatzea.
Modu sistematikoan, kide ezgaituak dituzten familientzako esperientziak elkarrekin trukatzeko jardunaldiak eta saioak egitea.
Familia hartzaileak edo/eta adopziozkoak
Ikastetxeetan, adingabe adoptatuentzat egokitze-aldi bat ezartzea, eskolara sartzen diren neskato-mutiko txikiekin egiten den bezala.
Guraso bakarreko familiak
Guraso bakarreko familien hezkuntzaren erabateko doakotasuna ezartzea, lehenengo seme-alabatik hasita.
Familia homoparentalak
Oro har eta zeharkakotasunez, familia-dibertsitatea eta dauden familia-eredu desberdinak sartzea ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako curriculumean eta hezkuntza-diskurtsoan.
Hezkuntzaren arloko profesionalak prestatzea familia-dibertsitateari buruzko aurreiritziak hausteko eta haren inguruan kontzientzia hartzeko.
Eskabide eta izapide administratiboetarako galdetegiak aldatzea: bekak, eskolara sartzea, jakinarazpenak eta abar, eta haiek familia-ereduei egokitzea.
Familia homoparentalak direla eta, herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio eta kontzientziazio sozialeko kanpainak sortzea.
6. arloa. LAGUNTZA SOZIO-SANITARIOA
Familia guztiak
Familiaren Agentzia bat garatzea, eredu frantsesa egokituta, eta hartan prestazioak eta zerbitzuak zentralizatzea, leihatila bakarreko sistema baten bitartez, esku-hartze integrala eskaintzeko, konpartimentu estankoak eta segmentazioa saihestuz.
Erakundeen eta sailen arteko integrazioa eta komunikazioa hobetzea, bai eta Administrazioaren eta hirugarren sektorearen artekoa ere, zerbitzuen zatikatzea eta bikoiztasunak saihesteko eta dauden baliabideak optimizatzeko.
Ingurunea dela eta, herritarren beharrizan sozio-sanitarioen eskala bat kontuan izateko beharrezkoa den ezagutza ematea Administrazioari: presakoak, garrantzitsuak eta bigarren mailakoak.
Estaldura publikoa duten programak ezartzea (PADI- Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren modukoak) haurren oftalmologiako, logopediako, psikiatriako, psikologiako eta abarreko anomaliak eta arazoak artatzeko, gero eta maizago gertatzen baitira.
Protokolo bat ezartzea, prebentzio selektibo eta parte-hartutakoan oinarritua, bazterketa arriskuan dauden edo/eta jokabide oldarkor edo disruptiboak dauzkaten seme-alaben familiei laguntzeko.
Baterako terapia psikologikoko zerbitzu publikoak eskaintzea familia-arazoak dauden egoeretan.
Arreta zentralizatuko ereduetan aurrera egitea, kasuaren kudeatzailearen figura ezartzearen bitartez.
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten kideak dauzkaten familiak
Diagnosi duala (adimen-ezgaitasuna eta gaixotasun mentala) duten pertsonentzako gailuen diseinua eta arretarako sistema integral bat bultzatzea, beharrizanei erantzun egokia emateko alderdi desberdinetatik.
Adimen-ezgaitasuna duten pertsonentzako laguntza psikologiko eta psikiatrikoa sustatzea, bai esparru sozio-sanitariotik, bai Osakidetzaren planetatik.
Adimen-ezgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak babesteko sisteman lortutako aurrerapen eta lorpenei eta ezarritako eskubideei eustea.
Ezgaitasuna duten pertsonentzako arreta-zerbitzuen sarearen zabalpena indartu eta berriz hartzea, haietarako sarbidea erraztuz.
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten pertsonei arreta eta laguntza emateko gailuak sortzea, familia horien beharrizan errealei erantzun eraginkor eta efizientea emango dietenak, esparru sozio-sanitarioko zerbitzuen zatikatzea saihestuz.
Ezgaitasun egoeran dauden haurrak dauzkaten familiei zuzendutako laguntza-programak garatzea, bai eta ezgaitasuna duten adingabeentzako garapen- eta autonomia-proiektuak ere.
Familiei laguntza beren hizkuntzan eman dakien sustatzea, jakinda interpreteak eta zeinuen lengoaiako itzultzaileak behar direla.
Etxeko laguntza-zerbitzuan arreta-orduen kopurua handitzea.
Etxeko Atseden Zerbitzua praktikan jartzea (orduka etxean laguntza emango duten langileak) une jakin batzuetan, eta atseden-egonaldien zerbitzu malguak ezartzea, ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten familien beharrizanen araberakoak.
Ezgaitasuna edo/eta mendetasuna duten pertsonen zaintzaileak direnentzako esku-hartze psikologikoko programak sustatzea.
Psikoestimulazio kognitiboko programa eta tailerrak eskaintzea, diagnostikoa izan eta lehen urteetan dementziak dituzten pertsonen narriatzeak aurrera egin dezan saihesteko edo narriatze hori mantsotzeko.
Alzheimerra duten pertsonentzako berariazko osasun txartel bat abian jartzea. Txartel horretan bai gaixoa bera, bai haren zaintzaile nagusia identifikatuko dira, sarreretan eta kontsultetan jarduketa-protokolo berariazko bat ezartze aldera.
Osasun zentroetan terapia okupazionaleko programak eskaintzea, mendetasun edo/eta ezgaitasun egoeran dauden pertsonei arreta integrala eskaintze aldera.
EAEn Alzheimerra duten pertsonen errolda bat egitea, zerbitzu eta zentro sozio-sanitario guztientzat komuna izango den datu-base batean.
EAEko osasun zentro publikoetan dementzietan espezializatutako zentro edo arloak irekitzea.
Berariazko protokolo eta jarduketak sartzea Familiei Laguntzeko Planean ageri diren ekintza guztietan, ezgaitasuna duten pertsonei zuzenduak, haien autonomia pertsonala defendatze aldera.
Mendetasuna ebaluatzeko sistema berritik planteatzea. Mendetasunaren gaur eguneko ebaluazioa arbitrarioa eta desdoitua dela jotzen da (behar liratekeenak baino gradu txikiagoak ematen dira), eta ebaluazio hori funtsezkoa da, zeren eta beste zerbitzu batzuk eskuratzeko gakoa baita.
Mendetasun egoeran dauden adineko pertsonentzako larrialdiko arretan koordinazioa hobetzea, bai eta babesgabetasun egoeran dauden haurren kasuan, tokiko mailan.
Berariazko protokolo eta jarduketak sustatzea Familiei Laguntzeko Planean, ezgaitasuna duten pertsonei zuzenduak, haien autonomia pertsonala defendatze aldera.
Haurren osasun arazoetarako arreta sustatzera bideratutako jarduketak garatzea, estaldura publikoa emanez haurren oftalmologiako, logopediako, psikiatriako, psikologiako eta abarreko arazoei, gero eta maizago gertatzen baitira.
Familia ugariak
Seme-alaba bakoitzarengatiko osagarri bat ezartzea (guraso bakarreko familiei ematen zaienaren antzekoa) Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan, zeren eta hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familiei zenbateko bera ematen baitzaie.
Familia ugariak kolektibo ahul gisa kontuan izatea osasun koordainketaren berezitasunen barruan, eta pediatria-erabilerarako sendagaiak, txertoak edo osasun publikoak gomendatutako bestelako artikuluak diruz laguntzea, gizarte osasungarria bermatzeko ezinbestekoak baitira.
Familia bananduak edo/eta dibortziatuak
Egiazko bitartekaritza integralerako gailuak sortzea (familia bitartekaritzako kabineteak), doakoak, familia edo pertsona ukituei entzun eta sentsibilizatuko dituzten eta haiek egoera berean dauden beste pertsona batzuekin (talde mistoak), eta ez soilik profesionalekin, integratuko dituzten langileekin. Proposatzen da familia bitartekaritzako zerbitzuak (gizarte zerbitzuak) eta epaitegi barruko bitartekaritza zerbitzua (justizia) gainjartzea.
Familia hartzaileak edo/eta adoptatzaileak
Familia hartzaileei jarraipena egiteko programa integral bat abian jartzea, espazio bakar bat jarriz familiek beren beharrizan desberdinetarako babesa eta erantzuna topa dezaten.
Familia eta kultura-artekotasuna
Familia berrelkartzeko programan sartuta dauden immigranteei laguntza ematera zuzendutako partaidetzazko prebentzioa sustatzea.
Bereziki arreta eskaintzea familia immigranteei sortzen ari zaizkien arazoei: guraso bakarrekoak izatea, adingabeak integratzea eta abar.
7. arloa. GARRAIOA
Familia guztiak
Bide publikoko aparkalekuetan, aparkaleku publikoetan eta abarretan haurdunaldiko hogeigarren astetik aurrera dauden emakumeentzat aparkaleku-plazak gorde daitezela bultzatzea.
Garraio publikoa (autobusa, trena, tranbia edo funikularra) egokitzea haurren orgetarako eta gurpil-aulkietarako gordetako behar adina toki izan ditzaten.
Familia ugariak
Lurralde historikoetan garraiorako dauden txartel edo billeteak batzea, halako moduz non, alde batera utzita norbera EAEko zein tokitan bizi den, edozein tokitan familia ugarien izaeraz baliatu ahalko den, garraio publikoa sustatzeari begira.
Tributuen arloko Koordinazio Organoa (TKO) eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak premiatzea Toki Ogasunei buruzko Araua alda dezaten, eta %90erainoko hobaria ematea familia ugariei trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, lurralde horretako udalerrietan.
8. arloa. JUSTIZIA
Familia bananduak edo/eta dibortziatuak
Banantze edo/eta dibortzio prozesuak batzea, bai eta sistema prozesala nabarmen aldatzen duten neurriak ere, hura errealitatera hurbilduz eta familientzako kostuak gutxituz.
Guraso-ahala egiaz balia dadila sustatzea eta, betebeharrak behin eta berriz eta justifikaziorik gabe betetzen ez badira, guraso ez-jagoleari guraso-ahala kendu ahal izatea.
Aitona-amonen eta biloben arteko harremanerako eskubidea bermatzea familia-banantzeen kasuetan, eta biloben eta aitona-amonen arteko harremanari euts dakiola sustatzea seme-alaben eta guraso bananduen artekoa errespetatzen den bezalaxe, hitzarmen arautzaile baten bitartez, erabaki judizialetan familia-ingurune zabalagoa kontuan hartuta.
Fiskaltzak neurriak alda ditzala sustatzea, baldin eta bisiten araubidea behin eta berriz betetzen ez bada edo/eta guraso jagoleak adingabea manipulatzen badu. Kasu horietan, proposatzen da adingabearen zaintza eta jagoletza beste gurasoari esleitzea edo, kasua bada, gizarte zerbitzuek esku hartzea, azken horri laguntzeko, guztiz behin-behinekoak diren neurriak kentzean azpimarra jarriz (aparteko kasuetan izan ezik).
Behar diren urratsak egitea banantze/dibortzioaren unean irabazpidezko ondasunen likidazioa lortzeko.
Behar diren ahaleginak egitea aparteko kasuetan konpentsazio-pentsioak emateko, betiere denbora-muga batekin. Halakoetan Estatua arduratu beharko da aparteko egoera horietaz baldintza duinetan.
Zaintza eta jagoletza partekatuaren aitorpena lortzeko lan egitea, seme-alabek denbora bera eman dezaten aitarekin eta amarekin eta gurasoek seme-alaben hezkuntzan eta osasunean parte-hartze efektiboa izan dezaten, betiere bilatuz bi ezkontideen ekarpen efektiboa egin dezatela adingabeen mantenuan, dauzkaten diru-sarreren proportzioan.
Familia homoparentalak
Agiri publiko eta ofizial desberdinak erakundeetan dauden famili ereduen dibertsitatearen arabera egokitzea: Erregistro Zibila (emakume ezkonduen seme-alabaren inskripzioa), Osakidetza, Estatistikako Institutu Nazionala, Enpleguaren Institutu Nazionala, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionala (amatasun-bajarako formularioak, ama ez-biologikoarentzako baimena, ospitaleko formularioak) eta abar. Izan ere, oraindik ere familia-eredu heterosexualari erantzuten diote.
Administrazio publikoko langileei prestakuntza ematea, eta zehazki justiziakoari (erregistro zibilak) Lagundutako Ugalketari buruzko 14/2006 Legeko 7.3 artikuluaren aplikazioari dagokionez. Artikulu hori, izan ere, lagundutako ugalketaren bidez jaiotako seme-alaben filiazioari eta haiek bi emakumeren bikote batek erregistro zibiletan inskribatzeari buruzkoa da.
1 Uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuak ezarritako sistemak familia-errenta kideen eta familiaren osaketaren arabera hainbanatzen du.
2http://agipase.blogspot.com.es/. 2012-09-16ko prentsaurrekoa Seme-alabentzako pentsioen ez-ordaintzeek %19 eta %32 bitarte egin dute gora lau urtean.